gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko apirilak 19, ostirala
Torgny Lindgren
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > TORGNY LINDGREN
TORGNY LINDGRENEN AURKEZPENA

 

Torgny Lindgren


Torgny Lindgren Suediako idazleen artean ezagun eta irakurrienetakoa da gaur egun. Bere liburuak 20 hizkuntzatara itzuliak izan dira, literatur sari garrantzitsuak jaso ditu eta 1991z geroztik Suediako Errege Akademiako kide da.

Lindgren 1938an jaio zen nekazari familia baten barruan, eta Raggsjö izeneko herri txiki batena hazi zen, Västerbotten probintzian Suediako ipar muturrean. Irakasle izateko ikasi zuen 1950eko hamarkadan, eta Suediako eskola askotan lan egin zuen, 1970eko urteetan denbora guztia idazteari eman zion arte. 1980ko urteen hasieran, Lindgren-ek Erromako katolikoen sinesmena hartu zuen.

Bere hastapeneko lanetan, 1965ean argitaratutako lehen liburutik 1975eko Hallen [Ganbara] oso gogor astindu zituen Suediako sozialdemokrazia eta gerra ondoko suediar gizartea (bera Suediako Alderdi Sozialdemokratako kide izan arren). Bere obrak jite existentzialista eta erlijiosoagoa hartu zuen 1970eko urteen amaieran, eta joera berri horren emaitza da 1982an kaleratutako Ormens väg på hälleberget [Sugearen bidea haitzaren azpian] izeneko eleberri bikaina. Bertan, nabarmena da ez bakarrik gai erlijiosoen aldeko zaletasuna, baizik hizkera eta estilo berria ere (ahozko kontalaritzaren tradizioan eta bere haurtzaroko hizkera trinko eta zaharkituan errotua). Bere hurrengo liburuetan, Merabs skönhet [Merab-en edertasuna], Bat Seba [Betsabe] eta Legender [Legendak], ahozkotasuna eta hizkeraren edertasuna gordetzen du. Erlijioaren aldeko joera ere nabaria da, liburuotan bizitza eta heriotzaren galdera erantzunezinetan gehiago sakontzen baitu, Jainkoa ulergaitz eta atzemanezinaren itzal orohartzailearen gerizan. Joera horretatik zertxobait aldentzen da Till sannigens lov [Egiaren laudorioa], jatortasunaz eta benekotasunaz egindako ezbai estetiko bati lotua eta Lindgren-en gai nagusienetako bat aztertzen duena: nahikari askearen eta zoriaren arteko tira-bira.

Lindgren-en azken eleberria Hummelhonung [Erlastar eztia] nolabait ere atzerabidea da, 1980ko hamarkada hasieran eta erdian idatzi zituen liburuen gai, hizkera eta inguru haietara begira egindako liburua, nahiz eztabaida erlijiosoa oraindik gehiago sakontzen duen eta bere lanari ikusmolde metafikziozko berria eransten dion.

Esan bezala, Jainkoaren izatearen arazoak Lindgren-en obra guztia zipriztintzen du. Alabaina, bere liburuetan ageri den jainkoa ez da Jainko maitagarri eta barkatzailea, baizik Jainko gogor, garratz eta izugarria. Baina, aldi berean, batzuetan harrigarriro guztiz alderantzizkoa ere izan daitekeen Jainkoa, hain zuzen ere bere aurkakoa! Agian paradoxa dirudi horrek, edo ironia behar bada, baina Lindgren-en liburuetan ez dira halako erantzun soilak eta esanahi finkoak izaten, eta deus ez da ziur, ziurgabetasuna bera ez badsa. Ondorioz, Jainkoaren izaeraz egiten den galdera eternalaren erantzuna, Lindgren-enengan, da Jainkoa aurkakotasunen eta bateraezintasunen batasuna dela, eta ezaugarri horiek dena batera harturik azal daiteke eta agian uler Jainkoaren izatea.

Magnus Nilsson

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net